BOSTPUNTU ekimenaren kronika

BOSTPUNTU ekimena amaitu da eta ezin geratu eskerrak eman gabe bertan eskuartu duzuen guztioi, EiTBrentzat eredu sendo bat eskatuz, zerbitzu publikorakoa den EiTB baten alde eginez, euskarari lehentasuna emango diona, kalitatezkoa eta independentea.

Ekainaren 4an hasi eta berehala eman zitzaien manifestua EiTBko Administrazio Kontseiluko kideei eta baita bertan ez dauden aukera politikoetako ordezkariei ere. Ondoren internet bidez zabaldu zen manifestua, eta ondoko egunetan bere oihartzuna izan zen zenbait hedabide paperezko eta digitaletan. Eztabaidak ere piztu ziren han hemenka, manifestuari buruz.

Atxikimentuetarako aukera, San Juan eguneko 00:00tan amaitu zen eta egun horretan bertan eman zitzaien 700 sinadura inguru batzen zituen zerrenda, lehenago manifestua jaso zuten ordezkari berei. Sinaduretako gehientsuenak kazetarienak eta komunikabideetako profesionalenak dira. Nabarmentzekoa da EiTBko langileen ugaritasuna.

Ekimena amaitu baino lehen, BOSTPUNTUren talde eragileak eskatu zion EiTBko Administrazio Kontseiluko Txandakako Presidenteari, eraman zezala ekimena mahai gainera. Eta halaxe gertatu zen, joan zen 26an, asteartearekin: bai manifestua eta bai sinatzaileen zerrenda, bilera-aktara gehitu ziren.

Geure ordezkari politiko eta sozialen esku dago orain erabakitzea zer egin han aipatzen diren ezinbesteko bost puntuekin. Segur gaude datozen hilabeteetan izango dela aukerarik BOSTPUNTUren inguruan lortutako adostasuna gogorarazteko. Behar balitz, gainera, puntu oinarrizko horiek kontutan hartuak eta beteak izan daitezen saiatuko gara, euskal gizarteak etorkizun hurbil batean egin beharrekoa duen Irrati eta Telebistari Publikoaren ereduari buruzko eztabaidaren karietara.