Gutun irekia EITBko arduradun berriei

EITBn arduradun berriak ditugu. Iñigo Urkulluren gobernupean, zeuoi dagokizue EITBren zuzeneko zaintza nagusia: Cristina Uriarte, Kultura, Hizkuntza eta Hezkuntza Sailburua; Joxean Muñoz, Kultura Sailburuordea eta Maite Iturbe EITBko Zuzendari Nagusia.

Lerro hauen bidez, EITBk gure ustez bete beharko lituzkeen bost puntu oinarrizkoak zeintzuk diren gogoratu nahi dizuegu. Duela hilabete batzuk manifestu batean bildu eta ehunka sinatzaileren babesa lortu zuten haiek bostak dira.

“Bost puntu EITBrentzat

Euskadiko Autonomia Erkidegoko hurrengo hauteskundeen ostean agintzen duenak agindu, premia handiarekin heldu beharko dio EITBren bideraketari. Idatzi hau sinatzen dugunok bat gatoz gutxieneko bost puntutan, aldi berean oinarrizko eta ezinbesteko direnak.

1. EiTBk euskal herritarren zerbitzuko erakunde publikoa izan behar du, euskaraz eta gaztelaniaz kalitateko programazioa eskainiko duena, ikusleekiko begiramenduna eta plurala, interes publikoari bideratutako edukiekin, produkzio propioaren bidez, gainerako kate publiko eta pribatuekiko zeregin orekatzailea izango duena.

2. EiTBk bete egin behar du sortzetik duen euskara bultzatu eta normaltzeko helburu estrategikoa. Ondorioz, hedadurari eta eraginari dagokionean, hizkuntzak duen lurraldetasunaren bezainbestekoa izan beharko du gutxienez.

3. Lehentasunezkoa zaion zeregin informatiboan, neutraltasunik gabe, inpartzialitatea behar du EiTBk. Enbarazu egin arren, botereek errespetatuko dutena behar du izan. Hezi, informatu eta entretenitzeko zeregin hirukoitzerako beharrezkoa duen independentziak, lege berri baten bidez sakoneko aldaketa ekarri behar die zuzendaritza organuak aukeratzeko dauden moduei.

4. EiTBk eredugarria izan behar du gaurko euskal kulturaren funtsezko osagaien errespetuan, Euskal Herriko lurralde guztien arteko harremanen sustapenean, eta sarri interesatuak eta artifizialak diren hesiak gainditzeko ahaleginean.

5. EiTBk kalitatezko erreferentzia profesionala izaten saiatu behar du ikusentzunezkoen munduan. Baditu horretarako behar diren esperientzia eta baliabideak, nola teknikoak, hala pertsonenak ere. Gidatuko dutenek ere asmatuko beharko dute maila berekoak izaten.

Hala bada, publikoaren zerbitzuko EiTB eskatzen dugu, euskarari lehentasuna emanez, independentea, kalitatezkoa eta euskal kultura bultzatuko duena”.

Hau guztia aintzakotzat hartu eta zeuon lanean baliagarri izango zaizuelakoan, eskerrik asko arretagatik.

BOSTPUNTUren Talde Eragileak, 2013ko Urtarrilean.

(Urko Aristi, Aintzane Bolinaga, Xabier Delafuente, Hasier Etxeberria, Juancar Etxeberria, Santi Etxeberria, Andoni Gallego, Elixabete Garmendia, Aurora González, Jonan Gorospe, Koldo Gutierrez, Pilar Insausti, Maddalen Iriarte, Amaia Lauzirika, Juanan Legorburu, Ane Miren Lizarralde, Yolanda Mendiola, Jokin Zubia...)